[español]  

Garbiketa-protesta ekintza: haitzak garbitu orain!

Otsailaren 16ko goizean, itsasbehera aprobetxatuz eta euskal kostaldeko hainbat puntutan aldi berean ( Zumaia, Ea, Urdaibai, Armintza, Plentzia, Barrika eta Sopela), 224 lagunen artean 3.600 kilo galipot bildu ditugu haitzetan, nahiko eskuragarri dauden kala eta itsaslabarretan.

Talde ekologista, naturalista eta surfistetako kideok arroka eta itsasadarretan eragiteko protokoloa jarraitu dugu eta, ekintza honen bidez erakutsi dugu posiblea eta hainbat arinen beharrezkoa dela leku horietan garbiketari ekitea, batez ere sarbiderik errazena dutenetan.

Erakutsi dugu, halaber, itsaslabar eta itsasadar horiek lohi daudela eta administrazioa ez dela garbitzen ari. Horren arrazoiak: administrazioaren aurreikuspen falta, pasibitatea eta erabakiak hartzeko orduan moteltasuna.

Egoki jardun dute, hala ere, arrantzaleen antolaketan eta horniketan, itsasoan bertan petrolioa jaso dezaten. Eskatzen diogun gauza bakarra bizkortasun bera da, gure kostaldearen %90 osatzen duten haitz eta itsaslabarrak garbitzeko. Gune hauetan Prestigeren kutsadurak oso eragin larria izan du. Horregatik baliabideak gehitzea eskatzen diogu petrolioa garbitzeko, antolaketa eraginkorragoa eta, behar izanez gero, bolondresak deitzea.

Talde ekologista, naturalista eta surfistak prest gaude garbiketa-protestaldi gehiago egiteko, administrazioak gune hauek garbitzeari berehala ekiten ez badio.

Ekologistak Martxan, Gernikako Ekologia Tailerra, Txipio Bai Elkarte Naturalista, Zumaiako Natur Taldea, Peña Txuri Surf Taldea eta Barrika Surf Taldea.

Argazki sortak

Kostaldearen azterketak

1. Urtarrilak 19
2. Urtarrilak 25

Garbiketa-protesta otsailak 16

3. Armintza (kalitate handian)
4. Armintza
5. Barrika
6. EA (Ogella), Zumaia

Bideoak

1. Garbiketa-protesta
(otsailak 16). Oso interesgarria. Windows Media formatoan, 10 MB, 15 minutu. [JAITSI].
2. Bideo berria (martxoak 16). Hilabete geroago leku berean petroleoa hor dago oraindik. [JAITSI].

Dokumentu batzuk

• "Euskal kostaldea hiltzen ari da". Informazioa SUSTATU albistegian
• "Jaurlaritzak egoki dihardu?". Eztabaida GOIENKARIA astekarian (PDF).
• Txipio Bairen WEBA (zaharra)
• "Haitzak garbitzeko protokoloa" ADENAren TXOSTENA (PDF)

 

Txostenak

Eskualdearen egoera
2003ko urtarrilak 19
2003ko urtarrilak 25
Hesia kenduta Plentzian
Mapa: guneen banaketa

Loturak-Links
Burla Negra
Nunca mais plataforma
Chapapote.org

Webgune honi buruz

Prestige petroliuntziaren hondoratzeak ekarritako marea beltzaren lehenengo orbanak Uribe Kostako itsas bazterrera abenduaren hasieran hasi zen heltzen. Urtarrilaren hasieran bigarren olatu garrantzitsua heltzen hasi zen eta urtarrilaren azken egunetan kolperik garrantzitsuena jaso du gure eskualdeko kostaldeak.

Horren aurrean, urtarril hasieran hainbat herritar kezkatu hasi ginen astero biltzen Plentzian, Txipio Bai elkarte naturzaleak koordinatuta eta Barrika Surf Taldearekin zein elkarlanean. Gure helburua marea beltzaren aurrean zerbait egitea zen, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoizko (Armintza) kostalde zatia babesteko ardura hartuta.

Alde batetik, bolondresen kaptazioari ekin zitzaion hasieratik, balizko marea beltzaren aurrean Eusko Jaurlaritzak bolondresak antolatuko balitu, gure eskualdean jendea egongo dela bermatzeko. Bestetik, irtenaldiak egin ditugu astero, gure kostalde zatia aztertzeko eta administrazioari egoeraren berri emateko txostenak igorrita.

Irtenaldiotan orbanen inpaktua neurtu, kontaminazio fokoak kokatu eta zauritutako edo hildako hegaztiak bildu ditugu Gorlizko fauna basatiaren birgaitzeko zentrura eramateko. Txostenak igortzeaz batera, itsaslabarren egoera negargarria ikusita, Eusko Jaurlaritzari txostenetan adierazitako guneen garbiketari ekiteko eskatu zaio. Guneak eta epeak eskatu arren, jaurlaritzak garbiketarako protokolo bat aurkeztuz erantzun du, gunerik edo eperik zehaztu gabe. Horren aurrean, jarrera hori salatzeko eta ekiteko eskatzeko hainbat elkartek antolatutako protestaldi bateratuan esku hartu dugu.

Webgune honetako dokumentuetan, txostenetan, argazkietan eta bideoan frogatzen denez, fuelaren berehalako garbiketa ezinbestekoa da, bertan utziz gero oso kaltegarria baita. Lehortuz gero, harrietara itsatsita geratzen da, harri tartean geratuz gero beherantz filtratzen da, toxizitatea luzaroan mantenduz, edo mugitzen da beste gune batzuk kutsatuz.

Orrialde hau informatiboa eta guztiz EZ OFIZIALA da. Ez du inongo elkarteren jarduerarekiko loturarik. Xede informatiboa du, gai honen inguruan komunikabideetatik igortzen zaigun normaltasun itxura gezurtatzeko. Xede mobilizatzailea ere badu webgune honek. Beraz, laguntza emateko prest bazaude, hainbat modutara egin dezakezu:

-Bolondres aritzeko
FORMULARIOA beteta. Bolondresen informazioa Eusko Jaurlaritzari igortzen zaio eta berak erabakiko du deitzen zaituen ala ez.
-Gurekin bat eginez, asteburuero geratzen baikagara Plentzian.
-Zure kontaktu datuak e-postaz igorriz helbide honetara: Iukgarbia@yahoo.comI

Eskerrik asko zure laguntzagatik